3.2.2. Balorazio faseari lotutako alderdi kualitatiboak
3.2.2.1. Zerikusia duten taldeek, foru zerbitzuek egindako balorazio lanari buruz, emandako iritziak ikusita (txosten honetako 4. kapitulua), erakunde honek, mendetasun kontuetan, balorazio taldeak osatzen duten langileen eta eskatzailearen bizilekuan elkarrizketak egiten dituztenen kualifikazioa bermatzeko jarritako tresnei buruzko argibideak eskatu zizkien foru aldundiei. Langile horien ezaugarriak, foru aldundiek langile horientzako mendetasunari eta minusbaliotasunari buruzko zer prestakuntza ikastaro antolatu edo diru-laguntza zeini eman zioten, eta balorazio taldeek minusbaliotasuna izan edo mendetasuneko egoeran dauden taldeen gizarte erakunde ordezkatzaileekin harreman formalik zeukaten ezagutu nahi genuen.
Arabako Foru Aldunditik jasotako erantzunean baietsi da Gizarte Ongizatearen Foru Erakundeak (GOFE) honako tresnen bidez bermatu duela balorazioa egiten duten langileek posturako kualifikazioa dutela eta egokiak direla:
– Balorazio taldea eratu aurretik, egingo zuten lanaren eta ezaugarri tekniko eta profesionalak eta ezaugarri horietara hoberen egokitzen ziren ezaugarri akademikoak definitu ziren. Osasun zientzien arloko langileak hautatu eta diziplina arteko talde bat osatu zen erizaintza, fisioterapia eta okupazio-terapiako unibertsitate diplomadunekin, zeinek, besteak beste, geriatria, gaixotasun mental, adimen urritasun, ezgaitasun fisiko, pediatria eta norberaren autonomia sustatzeko laguntza produktuei buruzko prestakuntza baitzuten. Haiek denak medikuntzan lizentziatutako pertsona baten ardurapean geratu ziren, zeinek esperientzia baitzuen minusbaliotasuna eta mendetasuna baloratzen.
– Langileen hautaketa azterketa psikoteknikoen bidez egin zen, balorazio lanaren eskakizunetara egokitzen zirela ere bilatuz.
– Hautatutako pertsonen prestakuntza teknikoa programatu zen, GOFEko langileen ardurapean. Batez ere medikuak eta psikologoak ziren, eta balorazio prozesua, AMAL, Mendetasuna Baloratzeko Baremoa (MBB) eta 3 urtez azpikoentzako Berariazko Balorazio Eskala (BBE) azaldu zituzten.
– Prestakuntza praktikoa zenbait minusbaliotasun mota daukaten pertsonei arreta ematen dieten elkarteekin harreman formalak sortuz egin zen, eta balorazio ariketa praktikoak egin ziren elkarteek kudeatutako zentroetan eta Gizarte Ongizatearen Foru Erakundearen zentroetan, hots:
• Gaixotasun mentala duten pertsonentzako egoitza-arretako zentroa, elkarte mugimenduak kudeatua eta GOFErekin itundua.
• Heltzeko atzerapena edo hura izateko arriskua duten haurrentzako APDEMAren arreta goiztiarreko unitatea; bertan BBE aplikatu zen 3 urtez azpikoengan.
• Etxebidea zentroa, adimen urritasun latza edo sakona izan eta, beraz, laguntza orokorra behar duten pertsonentzat.
• Gizarte Ongizatearen Foru Erakundearen eguneko eta egoitza zentroak adinekoentzat.
• Gizarte Ongizatearen Foru Erakundeko Minusbaliotasuna duten Pertsonen Arloaren minusbaliotasunaren eta mendetasunaren balorazio taldea.
Era berean, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi digu taldearen osaketa ez dela 2007ik aldatu eta, behin-behineko laguntzak behar izan badira ere, pertsona horiek balorazio unitateko langileen prestakuntza praktiko eta teorikoa jaso dutela.
Jardueretan izandako parte hartzeari eta beste erakunde edo elkarteekin izandako harremanei dagokienez, Arabako Aldundiak honakoak aipatu ditu:
– IMSERSOk zenbait ikastaro eta topaketa antolatu ditu zenbait autonomia erkidegotan mendetasuna eta minusbaliotasuna baloratzen diharduten profesionalen artean, eta GOFEk behar ziren neurriak hartu ditu unitateko kideek parte har zezaten.
– Halaber, mendetasuneko egoera baloratzeko prozesua abiarazi zenetik, aldian aldiko kontaktuak egin dira hirugarren sektoreko zenbait erakunderekin eta hark antolatutako jardueretan parte hartu da (narriadura kognitiboa duten pertsonen balorazioari buruzko mahai-inguruan parte hartu zen, Alzheimerra duten pertsonen nazioarteko egunaren karietara, adibidez).
– Unitateko langileek, bestalde, Estatu eta Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko batzordeetan parte hartzen dute, minusbaliotasunari, mendetasunari eta arreta goiztiarrari lotutako gaietan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak erantzun du elkarrizketak egiten dituzten pertsonek goi-mailako teknikariak (medikoak eta psikologoak) edo erdi mailako teknikariak (okupazio-terapeutak, fisioterapeutak eta erizaintzako unibertsitate diplomadunak –EUD–) izan behar dutela, eta prozeduraren fase horretan ahalik eta mediku gehien erabiltzeko ahalegina egiten dela.
Bestalde, bisita aurreko egiaztatze teknikoa eta ondorengo azterketa egin behar duten ikuskatzaileei medikuntzako lizentziatura eskatzen zaie.
Bestalde, Gipuzkoako foru erakundeak adierazi du, eskatutako oinarrizko titulua gorabehera, edozein langileren jarduera hasterakoan hastapeneko prestakuntza protokoloa ezarrita dagoela, baita prestakuntza iraunkorrekoa ere, prozesuan esku hartzen duten langileek behar duten heinean. Onartu duenez, balorazio taldeek harreman formal normalizatua dute minusbaliotasuna duten edo mendetasuneko egoeran dauden pertsonak ordezkatzen dituzten gizarte erakundeekin.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi digu, 2009ko urtarrilaren 13an bere egoitzan txosten honen prestaketari buruz izandako bileraren karietara, balorazioa egiten duten teknikariek medikuntzako lizentziatura dutela. Adierazi duenez, langile horiek ONCEk zentzumen urritasunari buruz antolatutako ikastaroetan jaso dute prestakuntza, baita Alzheimerrari eta adimen urritasunari buruzko berariazko prestakuntza ere, eta harremanak izan dituzte APNABIrekin (Bizkaiko Autismoa eta Beste Autismo Espektroaren Nahasteak dituztenen Gurasoen Elkartea) estimulazio goiztiarrari dagokionez.
3.2.2.2. Balorazio Batzorde Teknikoa eta balorazio taldea osatzen duten pertsonen kopuruari eta haietako bakoitzaren ikasketa eta prestakuntza ezaugarriei buruzko informazioa ere eskatu dugu.
Arabako Foru Aldundiak adierazi duenez, Gizarte Ongizatearen Foru Erakundeko Minusbaliotasuna duten Pertsonen Arloko Balorazio Unitate Teknikoa "diziplina anitzeko taldea da eta jarraian zehaztu diren eginkizunak burutzen dituzten honako langileek osatzen dute:
a) Mendetasuneko egoera baloratzeko, MBB aplikatuz (504/2007 ED):
– Balorazioko teknikari bat, honako prestakuntza daukana: fisioterapiako unibertsitate diplomatura Zaragozako Unibertsitatean; komunikazio zientzietako lizentziatura Euskal Herriko Unibertsitatean; lan esperientzia zabala adimen urritasun latz eta sakona duten eta mendetasun handiko egoeran egonda laguntza orokorra duten pertsonentzako eguneko eta egoitza zentroetan; kalte neurologiko larria eta adimen urritasuna duten pertsonentzako arretari eta norberaren autonomia sustatzeko laguntza produktuen erabilerari buruzko prestakuntza osagarria eta mendetasuneko egoera baloratzeko esperientzia 2007ko apiriletik egun arte.
– Balorazio teknikari bat, honako prestakuntza daukana: erizaintzako unibertsitate diplomatura Euskal Herriko Unibertsitatean, lan esperientzia zabala adinekoentzako eguneko eta egoitza zentroetan, eta geriatriako prestakuntza osagarria; mendetasun larria eta handia duten adinekoentzako eguneko egoitzetako giza baliabideen eta baliabide materialen kudeaketari buruzko lan esperientzia, eta mendetasuneko egoera baloratzeko esperientzia 2007ko apiriletik egun arte.
– Balorazio teknikari bat, honako prestakuntza daukana: erizaintzako unibertsitate diplomatura Euskal Herriko Unibertsitatean; erizaintza psikiatrikoko espezializazioa; geriatriako graduondokoa Euskal Herriko Unibertsitatean; lan esperientzia zabala adinekoentzako eguneko eta egoitza zentroetan, psikogeriatrian eta gaixotasun mentaletan, eta mendetasuneko egoera baloratzeko esperientzia 2007ko apiriletik egun arte.
– Balorazio teknikari bat, honako prestakuntza daukana: erizaintzako unibertsitate diplomatura Euskal Herriko Unibertsitatean; ospitaleen kudeaketako, geriatriako eta bilakaera luzeko zaintzetako unibertsitate graduondokoak; lan esperientzia zabala adinekoentzako eguneko eta egoitza zentroetan, geriatriako prestakuntza osagarri luzea, eta mendetasuneko egoera baloratzeko esperientzia 2007ko apiriletik egun arte.
– Balorazio teknikari bat, honako prestakuntza daukana: okupazio-terapiako unibertsitate diplomatura Zaragozako Unibertsitatean, balorazio eskalei eta norberaren autonomia sustatzeko laguntza produktuei buruzko prestakuntza osagarria, patologia mental eta kroniko akutua duten pertsonei arreta emateko lan esperientzia Norberaren Autonomia Zentroan eta adinekoentzako eguneko eta egoitza zentroetan, eta mendetasuneko egoera baloratzeko esperientzia 2007ko apiriletik egun arte eta minusbaliotasun gradua baloratzekoa 2009an.
b) Minusbaliotasun gradua (1971/1999 ED), Berariazko Balorazio Eskala (BBE) aplikatuz 3 urtez azpikoen mendetasuneko egoera (504/2007 ED) eta arreta goiztiarra (39/2006 Legeko hamahirugarren xedapen gehigarria) baloratzeko:
– Errehabilitazio mediku bat, honako prestakuntza daukana: medikuntzako lizentziatura Nafarroako Unibertsitatean, medizina fisiko eta errehabilitazioko espezialitatea, Osasun Sistema Nazionalaren BAME prestakuntzarekin; 1971/1999 EDko minusbaliotasun graduaren balorazio baremoak euren alderdi medikuetan aldatzeko estatu batzordearen kidea; minusbaliotasun gradua baloratzeko eta 3 urtez azpikoen mendetasuneko egoera baloratzeko lan esperientzia 2007tik egun arte.
– Psikologo bat, honako prestakuntza daukana: psikologiako lizentziatura Deustuko Unibertsitatean; 1971/1999 EDko minusbaliotasun graduaren balorazio baremoak euren alderdi medikuetan aldatzeko estatu batzordearen kidea; minusbaliotasun gradua baloratzeko lan esperientzia 1990etik eta 3 urtez azpikoen mendetasuneko egoera baloratzekoa 2007tik egun arte.
– Psikologo bat, honako prestakuntza daukana: psikologiako lizentziatura Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, psikologia klinikoko espezialitatea; Herri-Administrazioko unibertsitate espezialitatea Euskal Herriko Unibertsitatean; familia terapiako eta taldeko psikoterapiako masterra, eta minusbaliotasun gradua baloratzeko lan esperientzia 1988tik egun arte.
– Gizarte langile bat, honako prestakuntza daukana: gizarte laneko unibertsitate diplomatura Euskal Herriko Unibertsitatean; 1971/1999 EDko minusbaliotasun graduaren balorazio baremoak euren gizarte alderdietan aldatzeko estatu batzordearen kidea; praktiketako ikasleen tutorea Gasteizko Gizarte Laneko Unibertsitate Eskolan; minusbaliotasun gradua baloratzeko lan esperientzia 2005etik egun arte.
– Gizarte langile bat, honako prestakuntza daukana: gizarte laneko unibertsitate diplomatura Euskal Herriko Unibertsitatean; praktiketako ikasleen tutorea Gasteizko Gizarte Laneko Unibertsitate Eskolan; minusbaliotasun gradua baloratzeko lan esperientzia 1985etik egun arte.
– Gizarte langile bat, honako prestakuntza daukana: gizarte laneko unibertsitate diplomatura eta gizarte eta kultura antropologiako lizentziatura Euskal Herriko Unibertsitatean; gizarte esku-hartzeko eta adin txikikoen minusbaliotasun eta mendetasun gradua baloratzeko lan esperientzia, baita arreta goiztiarrekoa 2008tik egun arte.
c) Unitatearen koordinazio teknikoa eta kudeaketa haren arduradunak burutzen ditu:
– Balorazio Batzorde Teknikoaren mediku arduradun bat, honako prestakuntza daukana: medikuntzako lizentziatura Nafarroako Unibertsitatean eta medikuntza fisiko eta errehabilitazioko espezialitatea, Osasun Sistema Nazionalaren BAME prestakuntzarekin; minusbaliotasunari buruzko europar masterra Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean eta Herri-Administrazioko unibertsitate espezialitatea Euskal Herriko Unibertsitatean. Minusbaliotasun graduaren balorazioaren koordinazio eta jarraipen estatu batzordearen, mendetasuneko egoeraren balorazioaren koordinazio eta jarraipen estatu batzordearen eta Arreta Soziosanitarioaren Euskal Batzordeko arreta goiztiarraren batzordearen kidea da".
Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi digu bisitatzaile eta koordinatzaile taldea 36 langilek osatzen dutela: 12 mediku, 10 psikologo, 8 fisioterapeuta eta 6 okupazio-terapeuta. Batzorde teknikoak mediku bi dauzka.
Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi digu, arestian aipatu bileraren karietara, bere taldeek 8 mediku eta 17 gizarte langile dauzkatela.
3.2.2.3. Balorazioak egiten dituzten zerbitzuei dagokienez, jakin nahi izan dugu ea kontratazio edo itunik dagoen erakunde pribatuekin edo, aitzitik, zerbitzu horretan diharduten agente guztiak foru aldundietako langileriari atxikita dauden.
Arabako Foru Aldundiak honakoa adierazi du: "Gizarte Ongizatearen Foru Erakundeko Minusbaliotasuna duten Pertsonen Arloko Balorazio Unitate Teknikoaren titulartasuna erabat publikoa da, Norberaren Autonomia Sustatu eta Mendetasuneko Egoerari Arreta emateko 39/2006 Legeko 27. artikuluan xedatutakoa betez". Erantsi duenez, horren ondorioz "ez dago ez kontrataziorik ez itunik erakunde pribatuekin minusbaliotasuna (1971/1999 ED), MBB edo BBEren araberako mendekotasuna (504/2007 ED) edota arreta goiztiarra (39/2006 Legea) baloratzeko zerbitzuak egiteko".
Bizkaiko Foru Aldundiak baietsi digu, 2009ko urtarrilean egindako bileraren esparruan, Bizkaiko Medikuen Elkarteak landa-lana egin arren (etxez etxeko bisitak eta MBB aplikatzea), foru aldundiko langileek egiten dituzte irizpenak eta ebazpenak eta haiek ezagutzen dituzte baloratutako pertsonarentzako gizarte baliabiderik egokienak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestalde, galdetutako kontua honela aurkeztu digun balorazio prozesuaren faseen arabera azaldu du:
– "Eskaeraren izapideak
Eskaera udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuetan egiten da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak egiaztapena egiten du.
– Kudeaketa
Erregistro baturako lotura: Gipuzkoako Foru Aldundia.
Alta kudeaketa sisteman: Gipuzkoako Foru Aldundia.
Esleipena: Gipuzkoako Foru Aldundia (fase honetan erabakitzen da nori esleitzen zaion galdetegia betetzeko lana. Kontuan izan behar da, adibidez, jaioberriei dagokiena ospitalean bertan egiten dela; haur txikien lehenengo balorazioei dagokiena eta minusbaliotasunarena Gipuzkoako Foru Aldundian egiten da).
– Balorazioa- MBBra bidaltzea: Gipuzkoako Foru Aldundia.
MBB elkarrizketarako hitzordua: Ingema.
MBB ellkarrizketa: Ingema.
MBB galdetegia betetzea: Ingema.
Hastapeneko egiaztatzea eta kontrastea: Ingema.
Galdetegia jasotzea: Gipuzkoako Foru Aldundia.
MBB balorazio zerbitzua ikuskatzea: Gipuzkoako Foru Aldundia.
– Ebazpena
MBB balorazio itxia: Gipuzkoako Foru Aldundia.
MBB baloraziorako lotura: Gipuzkoako Foru Aldundia.
MBB ebazpena: Gipuzkoako Foru Aldundia.
MBB eskatzaileari jakinaraztea: Gipuzkoako Foru Aldundia".
Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du, galdetegia betetzeari dagokiona izan ezik (hitzordua finkatzeari eta elkarrizketari dagozkienak barne), prozesu horretako fase guztiak administrazioak eta haren zerbitzurako langileek burutzen dituztela.
Bukatzeko, aldundi horrek esan du balorazio jardueraren kontrola –hasieratik mendetasuna baloratzeko baremoa arautzeko 504/2007 Errege Dekretuak oso araututa– Gizarte Politika Sailak egiten duela eta enpresa azpikontratatuak -Ingema- egin duen bakarra "administrazioak berak emandako galdetegiak betetzea izan da; mendetasuneko egoera onartzeko ebazpenak, beraz, saileko langileek izapidetzen dituzte". Gipuzkoako Aldundiak erantsi duenez, funtzionamendu horri esker batez besteko balorazio epe oso laburrak (60 egun 2007an; 43 2008an; eta 20 egun 2009 hasterakoan) eta ebazpenak aurkaratzeko portzentaje baxuak izan dituzte.
3.2.2.4. Balorazio taldeen eta baliabideak esleitzeko taldeen arteko bereizketa, harreman eta koordinazioari buruz ere jakin nahi izan dugu.
Arabako Foru Aldundiak adierazi du Gizarte Ongizatearen Foru Erakundean baloraziorako eta baliabideak esleitzeko talde bereiziak daudela. Foru erakundeak bien arteko lotura badela ere baietsi du: alde batetik, Balorazio Unitate Teknikoko arduradun bat Minusbaliotasuna duten Pertsonen Arloko baliabideak esleitzeko batzordeko kidea da; bestetik, egindako balorazio guztietatik, "autolaguntza" izeneko txosten bat egiten da, eta bertan mendeko pertsona bakoitzarentzako Banakako Arreta Programa egiten eta dagozkion baliabideak esleitzen laguntzeko informazioa dago. Txosten hori Gizarte Esku-hartzearen Arloari eta Adinekoen Arloari zuzenduta dago. Azkenik, azaldu denez, Balorazio Unitate Teknikoko langileek, eguneroko jardunean, Adinekoen Arloko erizaintza koordinatzaileari laguntzen diote arlo horretako zentroak esleitzen, baloratutako pertsonen egoera kognitiboari buruzko informazioa eta pertsona haiek bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko daukaten autonomiari buruzko xehetasunak emanez, baliabide egokia esleitzea errazteko xedez.
Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi digunez, balorazioa Balorazio, Orientazio eta Kalifikazio Atalaren ardura da eta foru eskumeneko baliabideak Saileko beste hiru ataletan (Mendetasunarentzako arreta, Etxeko laguntza edo Mendetasuneko aldian aldiko prestazio ekonomikoak) esleitzen dira; hala ere, udalek eurek esleitzen dituzten baliabideak (etxeko laguntza) ere badirela jakinarazi du.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi du balorazio taldeen eta baliabideak esleitzeko taldeen arteko bereizketa dagoela.
3.2.2.5. Bestalde, baloratua den pertsonak emandako informazioa haren zaintzaile nagusiak emandakoarekin alderatu edo zehaztu ahal izateko tresnarik dagoen eta zelan egituratu diren jakinarazteko ere eskatu dugu.
Arabako Foru Aldundiak adierazi du Balorazio Unitate Teknikoak 504/2007 EDn zehaztutako irizpideak zorrotz aplikatzen dituela: "balorazioa galdetegi baten aplikazioan eta MBBko prestakuntza egokia duen langile kualifikatu batek baloratzen den pertsonari egindako behaketa zuzenean oinarritzen da. Adimen urritasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonen kasuan, eta pertsonek euren pertzepzio gaitasuna eta gaitasun kognitiboa kaltetuta izan ditzaketen egoeretan, hala nola gor-itsutasunean eta garunetako kaltean, galdetegia baloratu beharreko pertsonaren aurreko elkarrizketaren bidez aplikatuko da, eskatzailearen egoera behar bezala ezagutzen duen pertsona baten partaidetzaz. Horretarako, balorazioa egiten duenak, GOFEk eskura jarritako baliabideak erabiliz, baloratu beharreko pertsonaren egoera eta dauzkan gizarte laguntzak aztertu eta, etxera joan aurretik, legezko tutoreak –senideak edo zaintza fundazioaren ordezkariak– MBB aplikatzeko unean etxean daudela egiaztatzen du".
Erantsi duenez, "arestikoa, zenbait inguruabar mota direla-eta, posible edo komenigarria izan ez balitz, osasun mentaleko zerbitzuetako langileekin kontaktatzeko bideak pizten dira, askotan euren gaixoen bizimodua gainbegiratu eta haien tratamenduak ziurtatzen baitituzte. Bide horrek ere porrot egingo balu, balorazioa egin nahi duen langileak oinarrizko gizarte langileak kontaktatzen ditu, askotan erreferentziazko langileak izanda, eskatzailearen egoera ezagutu eta, praktikan, haien eguneroko bizitzako laguntza garrantzitsua baitira. Arestiko urratsei jarraituta etxean egoera ezagutzen duen inor egotea lortu ez balitz, galdetegia bete eta, ondoren, GOFEko administrazio zerbitzuek behar diren kontaktuak egingo dituzte etxean lortutako informazioa egoera ezagutzen duen norbaitekin egiaztatzeko eta, beharrezkoa bada, ondoren hitzordu bat jartzen da biekin MBBko item bete guztiak berraztertzeko".
Azken irtenbide gisa –adierazi digutenez–, unitateko gizarte langileak behar diren kontaktuak egingo ditu gizarte lanaren eremuarekin –GOFE zein udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuetakoa–, espedientea ebatzi behar izan bada ere, berraztertzeko edo erreklamazio prozesuari ekin dakion horretarako inguruabar egokiak sumatzen direnean.
Kontu horri buruz, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi balorazioa zaintzaile nagusiaren aurrean egiten dela. Izan ere, erantsi duenez, "betekizuna da adimen urritasuna edo gaixotasun mentala alegatzen duten pertsonen kasurako".
Bizkaiko Foru Aldundiak, aipatu bilera hartan, adierazi zuen balorazioa egiten dutenen prestakuntza ikastaroetan, komenigarria dirudien kasu batzuetan, aukera jasotzen zela haiek zaintzaile nagusiarekin kontaktua izan ahal izateko, elkarrizketatik beretik kanpo.